
Izenburua: Korapiloak
Idazlea: Jasone Osoro (Elgoibar, 1971)
Urtea: 2001
Argitaletxea: Elkar
Jasone Osorok Korapiloak argitaratu zuen proiektu honekin 2000. urtean Igartza Saria proiektu irabazi eta gero, argitaratu zen urtean Zilarrezko Euskadi Saria irabazi zuen, oso harrera ona izan zuen liburuaren salmenta onengatik
Korapiloak hamazazpi kontakizunek eta beste hainbeste poemek osatzen dute, eta horietako bakoitzak atzean datorren narrazioa iragartzen du, kontakizun batetik bestera egoerak lotuz jauzi egiten duten pertsonaiak igaroz.
“Zer da guk nahi gabe ere bizimodua korapilatzen digun sentimendua? Zein da pertsonen arteko katramila gehien sortzen dituen arrazoia? Zer da gorputzak lotzera bultzatzen gaituen zirrara goxoa? Deituiozu maitasuna nahi baduzu, deituiozu sexua bestela: izenak izen, horixe duzu, nonahi eta noiznahi, gure poz urrien eta buruhauste ugarien iturri nagusia. Hamazazpi ipuin eta beste horrenbeste poemaz osatutako liburua da Korapiloak; bertako pertsonaiak ere istorio batetik bestera igarotzen dira, haien arteko korapiloak sortuz eta kontakizuna aberastuz, eta irakurlearen esku geratuko da, azkenik, protagonisten arteko loturak argitzea eta maitasunaren puzzlea piezaz pieza osatzea. Egunerokotasun eta absurdoaren artean mugitzen da Jasone Osoro liburu berri honetan, izenik ez duen hiri bateko jende anonimoaren geletan sartuz eta haien sekretuak argituz, irakurlearen begi harrituen aurrean. Ispiluaren bestaldean gu geu gaude ordea, norberaren bizitza ere korapiloz betetako soka luzea baita: askatzen den korapilo bakoitzeko biluziago geratzen gara, baina hurbilago dugu, era berean, desira ezkutuen ametsa.”