Hondamendia (Xabier Montoia)

Izenburua: Hondamendia

Idazlea: Xabier Montoia (Gasteiz, 1955)

Urtea: 2015

Argitaletxea: Elkar

Suntsipenaren ideia dela eta, Xabier Montoiak Hondamendin fantasia lantzen du, lanari errealismo zertzeladak emanez.

Liburua pasadizo eta ipuinez osatuta dago, arrazoi baten inguruan: hondamendia. Pertsonaiei etorkizun hobe bat konkistatzeko ametsak ezabatuko zaizkien istorioetan, historia errepasatuz gaur egungo mundura iritsi arte, eta, aldi berean, hondamendi kolektibo eta indibidualen aurpegirik gordinena erakutsiz eta giza krudeltasuna eta erresistentziarako gaitasuna biluztuz.

Hondamendia du izena Xabier Montoiaren ipuin-liburu berriak, eta izenburuko horixe da, hain zuzen, bilduma osatzen duten istorio guztiak biltzen dituen sentipena: txikizioa eta gainbehera. Bi parte nagusitan dago zatituta: lehenengoan, planetaren historian zehar, une eta leku jakinetan gertaturiko deskalabruak kontatzen zaizkigu: Adam eta Eva Paradisuko baratzetik egotzi ostekoa, Erdi Aroko izurriak, XX. mendeko totalitarismoek ekarritako zoritxarrak, lehergailu atomikoaren ingurukoak… Bigarren partean, berriz, gaur egun edo etorkizun hurbil batean kokaturiko hondamentak agertzen zaizkigu, leku nahiz giro desberdinetan, era askotako pertsonaiak eta kontamoduak erabiliz, egileak ohi duen asmamen, finezia eta zorroztasunez.

Non dago Stalin? (Xabier Montoia)

Izenburua: Non dago Stalin?

Idazlea: Xabier Montoia (Gasteiz, 1955)

Urtea: 1991

Argitaletxea: Susa

Xabier Montoiak, Non dago Stalin? eleberrian, belaunaldi baten, garai baten isla ekarri nahi digu.

Stalin neska batekin harreman sentimentala duen mutil bat da, Stalin desagertu egingo da eta bere bikotekidea eta lagunak bila hasiko dira. Liburuan pertsonaia ezberdinak agertzen joango dira, Stalinen rock taldeko kideengandik hasita, euren artean istorio zoro bat osatuz.

“Non dago Stalin? Xabier Montoiaren laugarren liburua den arren, estrainekoz eusten dio eskuartean duzun honekin kontatzearen hitzari, lehendabiziko narrazio liburua bait du hau, kronikatik hain hurbil dagoen novela hau. Gaztetxea, rock radikal taldeak, betiko tabernako betiko koadrila, prentsa horiko kazetari zuria, poliziak eta ertzainak politiko boteretsu bezain ahulak eta prostituta jonkia dira Montoiak elkarren artean behin eta berriro nahasten eta askatzen dituen pertsonaiak, komendia bat osatuz. Desagerketa bat haritzat, tentsio uneari egoki eutsiz eta umore onez eta ironia zorrotzez lotzen duen istorioa da Non dago Stalin?, ezaguna zaigun mundo baten kronika posibleetako bat. Litekeena. Fikzioa baldin bada, errealitateari esker bait da.”

Informazioa:

http://www.susa-literatura.eus/liburuak/narr0501